XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Maddiren oporrak

Iñaki Zubeldia

Iñaki Zubeldiak, berriz, ipuin liburu batekin hornitu zituen Elkarreko stand-ak Durangon.

Izenburua: Maddiren oporrak.

Elkarreko Xaguxar sailean argitaratua, ipuin honek Maddi izeneko neskato baten oporraldia kontatzen du.

Kostako herri txiki batera doa Maddi oporretan.

Aitonak gauero ipuin bat kontatuko diola agintzen dio baina, ordainez, berak ere tarteka ipuin bat konta diezaiola eskatzen dio aitonak Maddiri.

Egileak azaldu digunez, oraindik fantasia aroan dauden haurrentzat eta fantasiatik errealismora doan bidea egiten ari direnentzat da egokia liburua.

Alegia, gutxi gorahehera zortzi urtetik gorakoentzat.

Zubeldiaren irudiko orain arteko bere lanen aldean bestelakoa da Maddiren oporrak.

Orain arteko nire lanetan umorea, ironia eta kontraesanak izan dira oinarri nagusi.

Kontaketa honetan, aldiz, umoreak indar gutxiago du.

Esan dezagun, bide batez, liburuko ilustrazioak Pili Beltzunegik eginak direla.

Lazkao Txiki

Joxean Ormazabal

Joxean Ormazabalek ere Elkarreko Xaguxar sailean argitaratu du bere azken liburua.

Lazkao Txiki bertsolariari buruzkoa.

Beno, Lazkao Txikiri buruzkoa baino gehiago, bertsolari handi honen pasadizo, gertaera, anekdota eta txisteen ingurukoa.

Sendoa argitaletxeak Lazkao Txikiri buruz argitaratutako liburuan oinarritu da idazle zegamarra (aspaldian Tolosan bizi da ordea) liburu hau idazterakoan.

Batez ere pasadizo eta txisteen bilduma erabili dut.

Horko materiala baliatuz eta nik neuk bildutako hainbat kontu gaineratuz, nire lana izan da txiste eta pasadizoak euskara batuan jarri eta umeentzako modu egokian ematea.

...eta izan da besterik

Baina azokan zehar izan da bestelakorik ere.

Maria Garikanok, esate baterako, Patricia Higusmithen Ripleyren jokoa itzuli du euskarara eta Igelak argitaratu.

Mario Zubiagaren Nazionalismoa eta ekologia ponentzia ere topatu genuen liburu batean.

Tolosako Laserbook-eko kideek, berriz, haurrentzako ipuinak egiten jardun zuten azoka guztian zehar.

Musikari dagokionez, Xabi Ubeda tolosarra kide den Akauzazte taldeak maketa berritzaile bat aurkeztu zuen Durangon.

Ohiko kasetean gorde beharrean sardina lata batean sartuta aurkeztu zuten grabazioa.

Bukatzeko, Durangon aurkeztu arren, salgai egon ez zen liburu baten berri emango dizuegu.

Askok ezagutuko duzue.

Tolosaldean jende asko baitzen aspaldi liburu honen zain.

Ibiltari izena du, eta Aralarko Adiskideen eskutik argitaratu da.

Mendian oinez ibiltzea maite dutenen gidaliburu izateko sortua da, ibiltzea atsegingarri izanagatik ere, buruhauste askoren iturri ere badelako.

Oinetakoen egokitasunari, elikadura eta hidratazioari, prestakuntzari, janzkera eta abarrei buruzko mila argibide emango dizkigu liburu honek.

Lantaldea gaiotan urte askotako esperientzia eta ezagupena duten zazpi kidek osatu dute.

Ramon Garate Euskal Mendizale Federazioko mediku aholkulariak.

Juan Karlos Etxebeste eta Juan Joxe Araolaza podologoek.

Amaia Elosegi kazetari, hezitzaile fisiko eta mendizaleak, Mikel Garaikoetxea mendizale trebatuak eta Josi Etxabe marrazkilariak.

Koordinatzaile lanak, azkenik, Juan Ignazio Elosegik egin ditu.

Salgai duzue liburua, oraingoz euskarazko edizioan.

Aurrekoak oparitarako itsusiak ez baziren hauxe ere, egokia da mendirako joerarik izanez gero.

RAMON OLASAGASTI